Skip to main content
Image
Grupo de personas participantes en la Semana del Voluntariado de Navarra formando un círculo y dándose la mano en un espacio público al aire libre.

1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Nafarroako Boluntariotzaren I. Astean

Nafarroako Boluntariotzaren I. Astean 1.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute azken sei egunetan. Ekimena Nafarroako Gobernuak eta Foru Komunitateko boluntariotzaren ekosistemoko erakundeek sustatu dute, boluntariotza ikusgai egiteko, aitortzeko eta bultzatzeko, eta herritarrei parte hartzeko aukera desberdinak hurbiltzeko.

Javier Remírez Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilari eta lehen lehendakariordeak, eta Natalia Herce Medicus Mundik Nafarroan, Aragoin eta Madrilen duen barne-koordinazioko arduradun eta Nafarroako Boluntariotzaren Kontseiluko lehendakariordeak, larunbat honetan Iruñeko Boskexillon egin den Boluntariotzaren III. Jaian parte hartu dute. Ekitaldi horrekin amaitu da joan den astelehenetik garatutako 32 jardueraz osatutako programa.

Remírez lehendakariordeak astearen lehen edizio honek izan duen harrera ona azpimarratu du, eta nabarmendu duenez, “1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute eta erantzun diete boluntariotza-erakundeekin elkarlanean sei egun hauetan garatu ditugun proposamenei”. “Gustura egoteko moduko datua da, baina, batez ere, itxaropentsua; izan ere, 1.000 pertsona horien atzean ezagutzeko interesa, parte hartzeko gogoa eta lehen aldiz erakunde batera hurbildu diren pertsonak daude, agian orain arte ezagutzen ez zuten kausa, proiektu edo inplikatzeko modu bat aurkitu dutenak”, adierazi du.

Ildo horretan, lehendakariordeak esan du larunbat honetan egindako jaia “ez dela aste baten amaiera bakarrik, baizik eta erantzun kolektibo baten ospakizuna; izan ere, erakusten digu Nafarroan badagoela inplikatzeko, parte hartzeko eta besteak zaintzeko prest dagoen gizarte bat”.

Gorriz jantzitako giza kate bat, “batzen gaituen taupada” irudikatzeko

Goizeko une nagusietako bat boluntariotzaren giza katea izan da. Bertan, ekitaldirako bereziki sortutako kamiseta gorriak soinean zituzten parte-hartzaileak Boskexillon elkartu dira, Boluntariotzaren lehen Aste honen leloa den “Batzen gaituen taupada” irudikatzeko.

Irudi horrekin boluntarioek, erakundeek, instituzioek eta herritarrek osatzen duten sarea sinbolizatu nahi izan da, eta boluntariotzak pertsonak eta ahaleginak ongizate komunaren inguruan konektatzen dituenean hartzen duen gaitasun eraldatzailea ikusarazi.

“Pertsona bakar batek asko egin dezake, baina eskutik heldu eta pertsonak, erakundeak, instituzioak eta komunitateak konektatzen ditugunean, gauzak eraldatzeko dugun gaitasuna biderkatu egiten da. Hori da batzen gaituen taupada”, azpimarratu du Remírezek. Era berean, boluntarioei eskerrak eman dizkie “beren denboragatik, konpromisoagatik eta Nafarroa eta bertan bizi diren pertsonak zaintzen egunero egiten duten ekarpenagatik”.

Bestalde, Natalia Hercek boluntariotzaren giza dimentsioa eta dauden parte-hartze modu anitzak nabarmendu ditu. “Boluntariotza bezalako hitz handi baten atzean, ia beti, oso gauza txikiak aurkitzen ditugu: elkarrizketa bat, bisita bat, dei bat, elkarrekin igarotako arratsalde bat, entzuten duen norbait edo laguntzen duen norbait. Ez da aparteko zerbait egin behar zerbait aldatzeko; askotan nahikoa da presente egotea”, adierazi du.

Hercek bereziki animatu ditu aste honetan lehen aldiz boluntariotzara hurbildu diren pertsonak erakundeak eta haien proiektuak ezagutzen jarraitzera. “Pertsona bakoitzak zerbait eman dezake, eta boluntario izateko modu asko daude, pertsona izateko modu asko daudelako. Espero dut egun hauetan jakin-minak bultzatuta hurbildu direnek beraientzat ere tokia badagoela aurkitu izana”, esan du.

Musika, erakusketa eta adin guztietarako jarduerak

Boluntariotzaren Jaia 11:30ean hasi da, erakundeei, boluntarioei eta herritarrei ongietorria eginez eta ekitaldirako prestatutako kamisetak eta bestelako materialak banatuz. Goiz osoan zehar, Boskexillo jai-giroko topagune bihurtu da, puzgarriak, joko tradizionalak, aurpegi-margoketa, musika eta adin guztietarako animazio-proposamenak eskainiz.

Jardunaldiak, halaber, Sembrando Ilusiones – Payasos de Hospital erakundearen parte-hartzea izan du, festaren animazioan lagundu duena, eta Fénix Nafarroako Elkarteak antolatutako “Batzen gaituzten istorioak: kulturarteko bizikidetza eta arrazakeriaren aurkako kontakizunak Nafarroan” erakusketa ere hartu du. Erakundeko boluntarioek erakusketan lagundu dute eta bertaratutakoei Iruñean, Tuteran eta Tafallan garatutako proiektua eta istorioak azaldu dizkiete.

Giza katearen ondoren, musikak hartu du protagonismoa Correcaminos Rock&Roll Band taldearen kontzertuarekin. Kontzertuak amaiera jai-girokoa eman dio boluntarioen eta Nafarroan boluntariotza posible egiten duten erakundeen lana aitortzeko eta eskertzeko pentsatutako goizari.

Sei egun eta 32 ekintza boluntariotza herritarrengana hurbiltzeko

Larunbat honetan egindako jaiak amaiera eman die Nafarroako Boluntariotzaren I. Asteko sei jardunaldiei. 18 erakundek zuzenean parte hartu dute 32 jardueretan.

Irailaren 14ko astelehenetik aurrera, herritarrek boluntariotza hainbat ikuspegitatik ezagutzeko aukera izan dute ate irekien jardunaldien, tailerren, prestakuntza-jardueren, topaketen, hitzaldien, esperientzia praktikoen, zinema-forumen eta online saioen bidez.

Programazioa Boluntariotzako Ekintza Eskolaren aurkezpenarekin hasi zen. Horrez gain, hainbat proposamen egin ziren: itotze baten aurrean nola jardun ikastea, boluntariotza ikusarazteko komunikazio- eta narratiba-estrategiak erabiltzea, 50 urtetik aurrera komunitatea eta ongizatea eraikitzea, gizarte-erakundeen jarduera ezagutzea edo boluntariotzarako tresnak eta gaitasunak eskuratzea.

Astean zehar, boluntariotza-erakundeen barruko berdintasuna, gizarte- eta osasun-erakundeekin lankidetzan aritzeko aukerak, osasun-arazoen prebentzioa eta horien aurrean jarduteko moduak, eta gazteriaren eta boluntariotzaren arteko harremana ere landu dira.

Garatutako ekimenen artean nabarmendu dira tailerrak eta ate irekien jardunaldiak; bidezko merkataritza eta lankidetza ezagutzeko jarduerak; eta parte-hartzearen hainbat eremu lehen eskutik ezagutzeko proposamenak.

Programazioak aukera eman du, gainera, boluntariotzaren joera berriei, energia-aurrezpenari eta kontsumo arduratsuari, nerabe migratzaileen errealitateari, sexu-esplotaziorako prostituzioari eta salerosketari, giza eskubideei eta emakumeen aurkako indarkeriari buruz hausnartzeko.

Ostiralean, amaierako festa baino lehen, beste jarduera batzuk zinemaren eta eztabaidaren bidez giza eskubideetan eta justizian sakontzeko erabili ziren.

Horrela, 32 jarduerek Nafarroako boluntariotzaren zabaltasuna eta aniztasuna erakutsi dute, gizarte- eta osasun-ekintzarekin, osasunarekin, berdintasunarekin, gazteriarekin, giza eskubideekin, lankidetzarekin, migrazioarekin, komunitate-partaidetzarekin, prestakuntzarekin eta sentsibilizazioarekin lotutako proposamenen bidez.

Boluntariotza zaintzen eta indartzen jarraitzeko erronka

Nafarroako Boluntariotzaren Asteak erakundeen arteko topaguneak sortzeko ere balio izan du, eta boluntario izatea erabakitzen duten pertsonak laguntzeko duten ardura aldarrikatu du. “Boluntariotza ez da soilik laguntzeko prest dauden pertsonak aurkitzea. Erakundeok jakin behar dugu haiei ongietorria egiten, prestatzen, zaintzen, laguntzen eta haien parte-hartzeak zentzua izan dezan lortzen. Boluntarioek beste pertsonak eta kausa asko zaintzen dituzte, eta erakundeok gure boluntarioak ere zaindu behar ditugu”, adierazi du Natalia Hercek.

Gaur egun, Navarra + Voluntaria programak 218 erakunde erregistratu, 108 boluntariotza-programa aktibo eta 4.693 pertsona inskribatu ditu. Gainera, Nafarroako Boluntariotza Erakundeen Mapa Interaktiboak Foru Komunitate osoko 377 erakunderi dagozkien 427 puntu geolokalizatu jasotzen ditu.

Boluntariotzaren Astea Nafarroako Boluntariotzaren III. Planaren (2024-2027) barruan kokatzen da. Nafarroako Gobernuak 2024ko martxoaren 13an onartu zuen plana, eta sei helburu estrategikotan eta 16 jarduera-ildotan antolatutako 59 ekintza biltzen ditu.

Gainera, ospakizunak garrantzi berezia du 2026an, boluntarioen nazioarteko urte izendatu baita, eta urte honetan bertan Nafarroako Boluntariotzari buruzko Foru Lege berria indarrean sartzearekin bat egiten duelako.

Boluntariotzaren I. Asteak jarraipena eman die 2024an eta 2025ean egindako Boluntariotzaren Jaialdiaren bi edizioei, eta boluntariotzarekin lotutako erakundeek eta beste eragile batzuek egindako balorazio eta ekarpenetatik sortu da. Helburua da Nafarroan boluntariotza aitortu, ikusarazi eta sustatzeko erreferentziazko gune gisa sendotzea.

Ituria: navarra.es