Skip to main content
Image
El consejero Irujo ha participado en la jornada dedicada a la ciberseguridad.

Irujo kontseilariak nabarmendu duenez, “digitalizazioan egindako aurrerapenek ziberseguruak izan behar dute”

Industria eta Enpresa Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilari Mikel Irujo Amezagak gaur itxi du “Industria-zibererresilientzia” jardunaldia, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) eta Nafarroako Industriaren Elkarteak (AIN) antolatua. Jardunaldiak zibersegurtasuna enpresen lehiakortasunerako funtsezko faktore gisa jarri du ardatz.

Irujo kontseilariak adierazi duenez, “ezin da digitalizazioan aurrerapenik egon ziberseguruak ez badira. Zibersegurtasuna lehentasun estrategikotzat hartu behar da enpresentzat, haien tamaina edo jarduera edozein dela ere. Eta, noski, ekintzailetza-proiektu berriez ari bagara, hasieratik bertatik txertatu behar da negozio berri bat sortzeko prozesuan”.

120 pertsona baino gehiago bildu dituen saioan, CEIN Cybersecurity Lab esparruan zibersegurtasunarekin lotutako CEINen programetan parte hartu duten ETEen eta start-upen esperientziak ezagutarazi dira. Laborategia entitateak diseinatu du, Espainiako Zibersegurtasunaren Institutu Nazionalarekin (INCIBE) lankidetzan.

Zehazki, Zibersegurtasuneko Azelerazio Programan parte hartu duten zazpi startupek euren balio-proposamenak aurkeztu dituzte, eta azaldu dute nola, programari esker, zibersegurtasuna hasieratik integratu duten beren soluzioen diseinuan. Horri esker, bezero, partner eta inbertitzaileen konfiantza sortu dute, eta sendotasun handiagoz hazi dira. Horietako hiru epaimahai batek aitortu ditu, programan zehar izandako garapena eta bilakaera baloratuta. Aitortzak Nulabek (lehena), Genbiomak (bigarrena) eta Tudek (hirugarrena) jaso dituzte.

Horrez gain, lau ETEk CEINen zibersegurtasuneko aholkularitza-programan parte hartu izanaren emaitzak partekatu dituzte. Programari esker, zibersegurtasunaren arloan ordenatu, lehentasunak ezarri eta erabakiak hartu ahal izan dituzte, ikuspegi praktiko batekin.

2024an martxan jarri zenetik, CEIN Cybersecurity Labek dibulgazio-ekintzak eta ekitaldi espezializatuak bultzatu ditu, 200 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin, eta, halaber, zibersegurtasunarekin lotutako inkubazio-, azelerazio- eta laguntza-programak eskaini dizkie 32 proiekturi, 16 startupi eta Nafarroako 33 ETEri.

Garapenerako, CEINek Nafarroako eragile giltzarrien laguntza izan du arlo teknologiko-digital eta zibersegurtasunaren esparruetan, besteak beste, Navarra Cybersecurity Center, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), Polo IRIS, Nasertic eta ATANA.

Esparru normatiboa eta Capture The Flag

Saioan zehar, zibersegurtasunaren arloan aurrera egin nahi duen edozein erakundek jarraitu beharreko araudiei eta urratsei buruzko gai praktiko eta zehatzak ere aztertu dira.

Horrela, AINeko kide diren enpresek zibersegurtasunaren hainbat alderdi azaldu dituzte, gobernantzatik hasita, babesteko moduak, zibereraso bat nola detektatu eta nola defendatu azaltzeraino. Halaber, erakunde batek jada zibereraso bat jasan badu nola jokatu behar duen edo zibererasoen kasuan aseguruek eskaintzen dituzten estaldura espezifikoak ere jorratu dira. Erasoak jasan dituzten enpresek beren esperientzia kontatu dute, eta nola erantzun zuten eta beren kulturan zer-nolako aldaketak egin zituzten azaldu dute.

Ekitaldiarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) eta Donapea eta María Ana Sanz ikastetxeetako hogei bat ikaslek Capture The Flag izeneko hezkuntza-lehiaketa batean parte hartu dute. Bertan, sistema digitalak aztertu, babestu eta ulertzen dituztenen lekuan jarrita, zibersegurtasuneko erronkei aurre egin diete.

CEIN Cybersecurity Labi buruz

CEIN Cybersecurity Lab ekimenak Nafarroan gauzatzen du INCIBE Emprende programa. Programa INCIBEk sustatzen du, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren mendeko erakundeak, Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren bidez, eta Europar Batasunak finantzatzen du Next Generation EU planaren bidez.

INCIBE Emprende zibersegurtasuneko ekintzailetza bultzatzeko helburuarekin sortu da. Bere helburuen artean daude herritarren, ETEen eta profesionalen zibersegurtasuneko gaitasunak indartzea, eta zibersegurtasunaren sektoreko ekosistema sustatzea.

2023-2026 aldian, INCIBEk Espainiako zibersegurtasuneko pertsona ekintzaileei eta start-upei laguntzen die ekintzailetza-prozesu osoan zehar, negozio-ideen bilketatik inkubazio eta azelerazioraino. Izan ere, Institutuak zazpi urte baino gehiago daramatza zibersegurtasuneko ekintzailetza sustatzen; hori islatzen da Alumni sarean, estatu mailako eta nazioarteko zibersegurtasuneko start-up garrantzitsuenetako batzuk biltzen dituen komunitatea.

INCIBE Emprenderen ekimenak eta jarduerak Zibersegurtasunaren Industria Nazionala Bultzatzeko Programaren barruan kokatzen dira, Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PRTR) barnean, 15. Osagaia, 7. Inbertsioa: Zibersegurtasuna – herritarren, ETEen eta profesionalen gaitasunak indartzea eta sektorea bultzatzea.

INCIBEri buruz

Zibersegurtasunaren Institutu Nazionala (INCIBE) Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioaren mendeko erakundea da, Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren bidez. Herritarren eta enpresen zibersegurtasuna eta konfiantza digitala garatzeko erreferentziazko erakunde gisa finkatua dago. Gainera, gizarte-eraldaketarako eta berrikuntzarako aukera da, I+G+b eta talentua sustatuz.

Iturria: navarra.es