Skip to main content
Image
Una de las sesiones de reflexión de los laboratorios ciudadanos celebradas en los últimos meses

Nafarroako Esperimentazio eta herritarren lankidetzarako laborategien sare berriak bere lehen lan-proposamenak aurkeztuko ditu datorren asteazkenean

Irailaren 16an, asteazkena, jendaurrean aurkeztuko da Nafarroako Esperimentazio eta Herritarren Lankidetzarako Laborategien Sarea, 13:00etan, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Pío Baroja aretoan, Iruñean (Nabarreria kalea, 39). Ekitaldian,lehen esperientzia pilotu hori osatzen duten hamar laborategien ideia-deialdiak ere aurkeztuko dira, bai eta horietako bakoitzaren aurkezpen labur bat ere, erakunde sustatzaileen eskutik.

Aurreko maiatzean aktibatutako ekimen hori Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Gobernu Irekiko eta Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak sustatu du. Gobernu Irekiaren II. Planean (2025-2028) zein Gobernu Irekirako Aliantzarako Nafarroako I. Gobernu Planean jasotako konpromiso bat da. Helburua esperimentazio-guneen eta lankidetza komunitarioaren sare bat sortzea da, foru-lurraldean. Deialdia herritarren laborategiak abiarazteko interesa duten erakundeei, elkarteei, enpresei eta kolektiboei zuzenduta dago, bizitza komuna hobetzen lagunduko duten proiektu kolaboratiboak egiteko.

Zer dira herritarren laborategiak?

Herritarren laborategiak esperimentaziorako, lankidetzarako eta ikasketa kolektiborako laborategi irekiak dira. Horietan hainbat pertsona eta antolakunde biltzen dira, erronkak identifikatu, ezagutzak partekatu, eta proiektuak zein konponbideak batera sortzeko.

Laborategi horren metodologiak xede du gaitasunak eta lurraldearen lehendikako esperientziak lotzea, eta hiritarren, elkarteen, erakundeen, langileen, ikerlarien zein beste eragile batzuen arteko lankidetza erraztea. Hori dela eta, laborategiek ez dituzte nahitaez definitutako proiektuak hartuko abiapuntutzat; orain aurkeztutako deialdiek ideia berriak eta pertsonak lan-prozesuetara txertatzea ahalbidetuko dute.

Azken hilabeteetan, hautatutako hamar laborategiek lagun-egiteko prozesu batean parte hartu dute beren helburuak, erronkak eta lan-eremuak zehazteko, balizko laguntzaileak identifikatzeko eta ideia-deialdiak prestatzeko. Laborategien arteko topaketa bateratuei esker, gainera, hauteman da zer interes partekatzen dituzten eta zertan aritu daitezkeen elkarlanean.

Hamar laborategi, hamar esperimentazio-arlo

Sarea hamar ekimenek osatzen dute, bai erakunde publikoek, bai gizarte zibileko antolakundeek sustatutakoak. Lan-alorrek erronken eta Nafarroan lehendik dauden aukeren aniztasuna islatzen dute, eta hainbat ideia, hala nola zainketak zein osasun komunitarioa, haurtzaroa zein nerabezaroa, kultura, boluntariotza, ekonomia zirkularra, berrikuntza soziala eta teknologia, lantzen dituzte.

Laborategi horietako sei entitate publikoek sustatu dituzte eta lau gizarte zibileko antolakundeek. Gehienak Iruñean eta haren eskualdean daude, nahiz eta Sareak Nafarroako beste eremu batzuk ere barne hartzen dituen.

Zehazki, herritarren laborategi hauek abiarazi dituzte: 

  • «Urdiango ondare immaterialaren berreskurapena», Urdiango Liburutegi publikoak bultzatuta. Laborategi horren ardatza Urdiango kare-labeen berreskurapen komunitarioa da.
  • «Andiako mankomunitatearen auzokideen arteko Laguntza-sarea Elkarrekin Sortuz», elkarri laguntzeko eta elkar zaintzeko sare komunitarioak indartzeko.
  • «Istorio pizgarriak: kultur erantzunen eta partaidetza kolektiboaren laborategia», Escenika Kultur Elkarteak sustatuta. Laborategi horrek sorkuntza eszenikoa eta herritarren partaidetza aztertzen ditu.
  • Koine-Aequelitas Fundazioaren «CircularLab Navarra», zeinak xede duen ekonomia zirkularraren aukerak aztertzea, gizarte-inklusiorako eta enplegu-aukerak sortzeko.
  • «Familian eta komunitatean hazteko eskubidearen aldeko herritarren laborategia», Magale Elkarteak sustatuta. Prebentzioan, sentsibilizazioan eta familia hartzaileetan oinarritzen da.
  • Iruñeko Udalaren «Plaza On» laborategia, boluntariotzako eta auzoetan lankidetza komunitarioko sareak sortu eta sendotzera bideratuta dagoena.
  • «Hiriartea», Iruñeko Udalak sustatuta. Xede du Ziudadelaren inguruan kultur bitartekaritzako eta herritarren partaidetzako prozesu bat garatzea.
  • Sarrigureneko «VidAAs Herritarren Laborategia»: Berrikuntza komunitarioa eta esperimentazio teknologikoa da, eta VidAAsek sustatu du. Helburu du berrikuntza teknologikoa, berrikuntza soziala eta parte-hartze komunitarioa lotzea.
  • «REDES. SAREAK»: Nafarroako Gobernuak bultzatu du, Estellerrian zaintza-sare komunitarioak indartzeko.
  • « Osasuna haurtzaroaren eta nerabezaroaren ikuspegitik »: Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak sustatu du, eta laborategi horren ardatza osasunarekin lotutako ekimen eta politiken diseinuan haur eta nerabeen ikuspegia txertatzea da.

Esperimentatzeko eta lankidetzan aritzeko sare bat

Irailaren 16ko aurkezpenak proiektuaren fase berri bati hasiera ematen dio Hemendik aurrera, ideia-deialdiek aukera emango dute pertsonek, kolektiboek eta antolakundeek proiektuak proposatzeko eta hamar laborategi horien esperimentazio-prozesuetara batzeko.

Interesa dutenek jardunaldian parte har dezakete, web bidezko inprimaki honetan izena emanda.

Ituria: navarra.es