Skip to main content
Image
Representantes de distintas empresas y entidades que han participado en el foro

Remirez lehendakariordeak eta Irujo kontseilariak nazioarteko lankidetza teknologikoa indartzearen garrantzia nabarmendu dute Shenzhenen, Nafarroako enpresen berrikuntza eta garapena bultzatzeko

Javier Remirez lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak eta Mikel Irujo Industriako eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak, egunotan Shenzhenen (Txina) egiten ari diren erakunde- eta enpresa-misioan, berrikuntza, garapen teknologikoa eta Nafarroako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko nazioarteko lankidetzaren balioa azpimarratu dute.

Mezu hori izan da gaur Longhua International Cooperation Centerren egin den Nafarroako – Longhua Foroan zabaldu den garrantzitsuenetako bat. Hori da Nafarroako Nazioarteko Planak antolatutako misioaren barruan egindako ekitaldi nagusietako bat. Foroan parte hartu dute Arandovo, CEIN, CENER, Das Nano, Gurpea, HR motor, InnoUp, Lizarte, Luar Thecnology, NAIR center, Nasertic eta NR Electrónica enpresek.

Ekintza honen helburua Nafarroaren eta munduko polo teknologiko nagusietako baten arteko harremanak sendotzea da, bai eta Foru Komunitateko enpresa eta zentro teknologikoentzat lankidetzarako, inbertsiorako eta ezagutza trukatzeko aukera berriak erraztea ere.

Foroan, Javier Remirez Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak nabarmendu du Nafarroako ordezkaritzak Shenzhenen duen presentzia Nafarroako Gobernuak berrikuntzan eta garapen teknologikoan nazioarteko erreferentzia bihurtu den lurralde batekin "harremanak eta elkarrekiko konfiantza indartzen jarraitzeko" duen borondateari erantzuten diola.

Remirezek adierazi duenez, "Shenzhen etorkizuneko eraldaketa eta ikuspegiaren adibide bat da, hamarkada gutxitan munduko erreferentziazko ekosistema teknologikoa garatu duen lurraldea, ikerketa, talentua, enpresa eta berrikuntza lotzeko gaitasun handia duena".

Halaber, azpimarratu du Nafarroak, demografiari dagokionez tamaina txikiko erkidegoa izan arren, "tradizio industrial luzea, gaitasun teknologiko handia eta nazioarteko bokazio argia" duela. Ildo horretan, bi lurraldeek indarguneak dituzten eremuetan lankidetza sustatzen jarraitu behar dela defendatu du, hala nola berrikuntza teknologikoa, ekonomia digitala, jasangarritasuna, industria aurreratua, ikerketa eta talentuaren garapena.

Lehendakariordeak gaineratu duenez, "berrikuntzak ez ditu mugak ulertzen, eta aurrerapen handiak ideia handiak lotzetik sortzen dira", lankidetza hori Nafarroak gaitasun teknologiko berriak garatzeko eta nazioarteko berrikuntza-ekosistema nagusiekin duen lotura indartzeko duen helburuaren barruan kokatuz.

Ildo horretan, Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak nabarmendu duenez, "Nafarroak harreman ona du Longhua Txinako barrutiarekin, joan den urtarrilean lankidetza-hitzarmen bat sinatuta gauzatu zena, eta foro horren moduko topaketak egiteko aukera ematen diguna, non gure enpresek beren gaitasunak erakutsi eta Txinarekin merkataritza-loturak ezar ditzaketen".

Testuinguru horretan, Irujok "Longhuak eta Nafarroak komunean dituzten indargune ugariak" azpimarratu ditu, "biak oso osagarriak baitira alor askotan". Industria berdea puntu horietako bat da, baina ez bakarra. "Munduko berrikuntza-ekosistema dinamikoenetako batean gaude", azaldu du Irujok, eta azpimarratu du "ezagutza merkatura eramateko eta enpresa-aukera berriak sortzeko gaitasuna erreferentzia dela industria-bokazioa duen edozein eskualdetarako".
 

Irujok azpimarratu du, gainera, Nafarroak erronka garrantzitsuak dituela digitalizazioarekin, trantsizio energetikoarekin eta industria-lehiakortasunarekin lotuta, eta esparru horietan nazioarteko lankidetza funtsezkoa dela. "Nafarroako enpresek gaitasun teknologikoak eta espezializazio-maila handia dituzte, baina munduko berrikuntza-zentro nagusiekin lotzen jarraitu behar dugu, hazkundea bizkortzeko, ezagutzaren transferentzia errazteko eta lankidetzarako eta inbertsiorako aukera berriak irekitzeko", adierazi du.

Era berean, teknologia-zentroek, unibertsitateek eta Nafarroako enpresa-sareak berrikuntzan oinarritutako eredu ekonomiko baten eraikuntzan betetzen duten papera nabarmendu du. "Gure helburua Nafarroak lurralde industrial aurreratu gisa duen posizioa indartzea da, talentua erakartzeko, teknologia propioa garatzeko eta nazioarteko merkatuetan lehiatzeko gai dena, balio erantsi handiko produktuen eta irtenbideen bidez", amaitu du.

Iturria: navarra.es