Nafarroak bere ekintzak zabaldu ditu gizarte osoaren zibersegurtasun arloko kontzientziazioa indartzeko
Nafarroako Gobernuak gaur egin duen bilkuran baimena eman du Nafarroako gizarte osoari zuzendutako zibersegurtasunaren arloko kontzientziazio, prestakuntza eta dibulgazio ekintzak zabaldu eta indartzeko aukera emango duten zerbitzuak kontratatzeko. Jarduketak NASERTICek kudeatuko ditu, Navarra Cybersecurity Center (NavCC) zentroaren bidez. Zentro hori Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak sustatutako proiektua da.
Zehazki, zerbitzu integral eta espezializatu bat da, Nafarroa osoan segurtasun digitalaren kultura indartzea eta gizarte osoari ezagutzak, tresnak eta jardunbide egokiak hurbiltzea helburu duena.
Lizitazioak gehienez urteko 400.000 euroko aurrekontua du (BEZa aparte) 2027rako, eta horri 2026ko gainerako aldirako beste 100.000 euro gehitzen zaizkio. Kontratua urtero luzatu ahal izango da 2030eko abenduaren 31ra arte, eta gehienez 2,04 milioi euroko balio zenbatetsia izango du, aurreikusitako luzapenak eta aldaketak barne.
Zerbitzu hau abian jartzea Nafarroak CIBERREG Europako proiektuaren garapenean sortutako gaitasunak sendotzeko diseinatu duen estrategiaren barruan kokatzen da. Proiektua Espainiako Zibersegurtasun Institutu Nazionalak (INCIBE) koordinatzen du, eta beste zazpi autonomia-erkidegok ere parte hartzen dute.
Ildo horretan, Foru Komunitateak programa horren barruan esleituta zituen Europako funtsen 2,59 milioi euroen %100 exekutatu du, kontzientziazio, enpresei laguntza eta talentuaren sorrera sustatzeko ekimenetara bideratuta. Hain zuzen ere, gizartearen sentsibilizazioa izan da CIBERREG programaren barruan inbertsio handiena jaso duen jarduketa, 906.000 euro baino gehiagorekin.
Kolektibo desberdinetara egokitutako kanpainak
Zerbitzu berriaren ardatz nagusietako bat kanal anitzeko kontzientziazio kanpainen plan bat diseinatu eta gauzatzea izango da, aurrez aurreko nahiz online saioekin, eta publiko bakoitzaren beharretara eta ezagutza-mailara egokitutako edukiekin.
Jarduketak, besteak beste, herritarrei, adingabeei eta gazteei, adinekoei, hezkuntza-zentroei, enpresei (bereziki ETEei eta langile autonomoei) eta kolektibo kalteberei zuzenduko zaizkie. Gainera, kanpainek Foru Komunitate osoko lurraldean eragina izatea bilatuko da, eta lortutako emaitzen zein identifikatzen diren behar berrien arabera egokitu ahal izango dira.
Aurrez aurreko jardueren esparruan, lehentasuna emango zaie, besteak beste, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeei, herritarrei zuzendutako gune publikoei eta arreta espezifikoa behar duten sektore profesionalei. Jarduerak hitzaldien, tailer praktikoen eta parte-hartzeko dinamiken bidez garatu ahal izango dira. Horiez gain, online saioak ere egingo dira, tailer birtualen, aurkezpen interaktiboen eta beste dibulgazio-formatu batzuen bidez.
Zerbitzuak, gainera, jarduketen benetako eragina neurtzeko mekanismoak izango ditu, Nafarroako gizarteak zibersegurtasunaren inguruan duen sentsibilizazio-mailaren ikuspegi orokor eta segmentatua lortzeko. Emaitzei esker, kolektiboen, lurraldeen edo adin-tarteen araberako beharrak identifikatu ahal izango dira, eta pixkanaka egokitu ahal izango dira ekintzak, edukiak eta erabilitako kanalak.
Eduki digital gehiago eta dibulgazio-formatu berriak
Kontratazioak Navarra Cybersecurity Center zentroaren komunikazio digitaleko estrategia eta eduki propioen sorrera ere indartuko ditu, zibersegurtasuna publiko desberdinei modu ulergarri eta erakargarrian hurbiltzeko.
Zerbitzuak NavCCren webgunearen eta sare sozialen bidez edukien plangintza, sorrera eta zabalkundea jasoko ditu. Helburua izango da kanpainen irismena handitzea, parte-hartzea sustatzea, gomendioak eta jardunbide egokiak zabaltzea eta zentroa Nafarroako zibersegurtasunaren erreferente gisa indartzea.
Era berean, enpresa esleipenduna Navarra Cybersecurity Center zentroaren web ataria kudeatu, mantendu eta garatzeaz arduratuko da. Atari hori prestakuntza eta dibulgazio edukiak, baliabide interaktiboak, inpaktu-adierazleak eta zentroaren zerbitzu eta materialetarako sarbidea biltzeko euskarri nagusia izango da.
Jarduketa honen bidez, Nafarroak sentsibilizazioaren arloko lan-ildo egonkor bat sendotu nahi du, zibersegurtasunaren kultura gizarte osora hedatzeko, azken urteetan garatutako gaitasunak indartuz eta CIBERREG programaren Europako funtsekin sustatutako ekimenei jarraipena emanez. Horrela, Nafarroako Gobernuak ezarritako helburuari erantzuten zaio: arlo honetan egindako inbertsioek ibilbide luzeko proiektuak sortzea eta Europako finantzaketa amaitu ondoren ere beren eragina mantentzea.
Ituria: navarra.es