Skip to main content
Image
La vicepresidenta Ollo en un momento del acto celebrado en el cementerio municipal San José de la capital navarra.

Nafarroak Ramon Bengaray Zabalza, Dionisio Gutierrez Ijalba eta Epifanio Osoro Icobalcetaren gorpuzkiak eman dizkie haien senideei

Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, Muniain Guesalazen desobiratutako Ramon Bengaray Zabalza eta Dionisio Gutierrez Ijalbaren gorpuzkiak, eta Berriozarko hilerrian ateratako Epifanio Osoro Icobalcetarenak eman dizkie horien senideei. Astelehen honetan Nafarroako hiriburuko San Jose udal hilerrian egindako ekitaldian, Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Patxi Vera Arartekoak, foru parlamentariek, hainbat erakunde soziokulturaletako eta kirol-entitateetako ordezkariek, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoko kideek eta elkarte memorialistetako kideek ere parte hartu dute.

Hilobiratzearen aurretik, Ollo lehendakariordeak berretsi egin du "Gobernuak Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen familiekin duen konpromisoa", eta nabarmendu du horiek (errepresaliatuen gorpuzkiak identifikatzea) lan kolektibo baten emaitzak direla. Lan horretan, ikertzaileek, elkarteek, erakundeek, talde teknikoek eta Nafarroako Gobernuak, Memoriaren Nafarroako Institutuaren bitartez, parte hartzen dute.

Hala, Ollok gogorarazi du dagoeneko 11 urte direla Nafarroan memoriari buruzko politika publikoak egiten. "Gure konpromisoak, Gobernuarenak, bere horretan jarraitzen du: Desobiratze Planarekin, zeinean, zailtasunak zailtasun, edozein informazioren aurrean bilatzen jarraitzen den; DNA Bankuarekin, zeinak orain hamar urteko historia betetzen duen eta 50 identifikazio lortu berri dituen. Jarraitu beharreko arrastoak, aurkitu beharreko senitartekoak, hobietatik atera beharreko biktimak dauden bitartean egingo dugu".

Era berean, azpimarratu du Foru Gobernuak bere horretan jarraituko duela, nahiz eta hainbat lekutan memoria-politiketan arriskuak eta mehatxuak egon. "Iraganarekin kritikoa den memoria baten alde lan egiten jarraituko dugu, oraina eta etorkizuna eraikitzeko tresna izan dadin", esan du Ollo lehendakariordeak. 

Familia bakoitzak bere gain hartuko ditu Gutierrezen eta Osororen gorpuzkiak, eta Bengarayrenak, berriz, Gerra Zibileko eta frankismoko desagertutako, lurpetik ateratako eta Foru Komunitateko hobietan identifikatu gabeko biktimen gorpuzkiak gordetzen dituen udal panteoian hartuko dute atseden.

Identifikatutako hirurak

Ramon Bengaray, 1896an Garraldan jaioa, Nafarroako Fronte Popularreko presidentea zen, eta Nafarroa errepublikarreko irudi politiko garrantzitsuenetako bat. Ramona Zapaterorekin ezkonduta (hiru seme-alaba izan zituzten), kazetaria eta inprimatzailea izan zen, eta garai hartako Iruñeko kultur eta gizarte jarduera nabarmeneko pertsona. Izquierda Republicanako burua izan zen, Iruñeko Orfeoiko baritono bakarlaria, "Los Irunshemes", "Los Amigos del Arte" eta Larraina klubeko bazkide sortzailea, eta Osasuna futbol taldeko zuzendaritzako kidea 1931 eta 1935 bitartean. 1936ko uztaileko estatu-kolpearen ondoren, klandestinitatera igaro zen, abuztuaren 21ean Burutain eta Olague artean aurkitu eta atxilotu zuten arte. Gertaera hori, harrigarria bada ere, Nafarroako prentsan islatu zen. Une horretatik aurrera ez zegoen jakiterik non izan zen.

Orain, Aranzadi Zientzia Elkarteak Nafarroako Memoriaren Institutuarekin elkarlanean egindako ikerketa-lanei esker, jakin ahal izan da Muniain Geslazen hil zutela, Dionisio Gutiérrez Ijalbarekin batera. Azken hori, Aurizberrikoa, 32 urtekoa mekanikaria zen, eta Maria Concepcion Perez Martinezekin ezkonduta zegoen. Harekin seme bat izan zuen. Ez dago datu zehatzik bere filiazio politikoari dagokionez, errepublikarra eta ezkertiarra izateaz gain eta bere familian pertsona errepresaliatu gehiago egon zirela, hala nola bere anaia Zósimo, karabineroa, betiko giltzapetzera kondenatua eta 10.000 pezetako zigorra ezarri ziotena, edo bere arreba Juana, Oloronera (Oloron-Sainte-Marie, Biarno frantsesa) erbesteratu behar izan zuena. Bengarayren eta Gutierrezen gorpuzkiak 2025eko uztailean desobiratu zituzten, baina une horretan ez zegoen haien nortasunari buruzko arrastorik, eta zantzuek beste pertsona batzuk izan zitezkeela erakusten zuten. Hala, Nasertic-en laborategiaren lana funtsezkoa izan da identifikazio horiek lortzeko, baita bien senideek DNA laginak eman izatea ere.

Bestalde, Epifanio Osoro Icobalceta durangarrak 22 urte zituen, ezkongabea eta mekanikaria zen lanbidez. Confederación Nacional del Trabajo (CNT) erakundeko militanteari Valladolideko Auzitegiak 5 urte, 10 hilabete eta egun bateko espetxe zigorra ezarri zion. 1936ko azaroaren 1ean, Epifanio eta beste 24 preso San Kristobal gotorlekuan hil zituzten, ihes egiten saiatzea leporatu zietela, nahiz eta gertaera hura batere argi ez egon. Gorpuak Artikako (lau lagun) eta Berriozarko (gainerako 21ak, tartean Epifanio Osoro) hilerrietara eraman zituzten. Haien heriotzak inskribatuta zeudenez, leku horietan zeudela jakina zen, baina ez zehazki non eta zein baldintzatan. 2022ko martxoan, Txinparta-Fuerte de San Cristóbal elkarte memorialistak Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Planaren barnean luzatutako txosten batean oinarrituta, Memoriaren Nafarroako Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin batera, hobi horren desobiratzeari ekin zion, eta 21 gorpuak berreskuratu zituen. Ondoren, horietatik bost genetikoki identifikatu dira.

Ekitaldian Joseba Asiron Iruñeko alkateak parte hartu du, hala nola eraildako hiru gizonen senideak. Hauek Nafarroako Memoriaren Institutuak eta Gobernuko DNA Bankuak egindako lana eskertu dute. Azkenik, Ana Ollo lehendakariordeak familiei eman dizkie gorpuzkiak eta gorpuak ateratzeko eta identifikatzeko txostenak. Ondoren, aurreskua dantzatu da eta lore-eskaintza egin da 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan errepresaliatutako pertsona guztien omenez.

Desobiratze Plana eta Nafarroako Gobernuaren DNA bankua

2015etik, Nafarroako Gobernuaren Desobiratze Plana indarrean sartu zenetik, 163 gorpu berreskuratu dira 38 hobitik aterata, eta 133 prospekzio ere egin dira, nahiz eta emaitzarik lortu ez izan. Bestalde, DNA Banku publikoak orain hamar urte bete ditu, eta 439 espediente ditu. Orain arte 50 identifikazio lortu dira. Horrek esan nahi du orain arteko arrakasta % 31koa izan dela, eta datu horiek oso garrantzitsuak dira iraganean lortutakoekin alderatuta. Zentzu horretan, genetikaren arloan egindako aurrerapenek eta ekipoen eta tresnen hobekuntzak lorpen konplexuak ahalbidetu dituzte, eta etorkizunari begira baikorrak dira.

Oraindik ere funtsezkoa da senide gehiagorekin harremanetan jartzea, eta zeregin horretan oso lagungarria da ikertzaileen eta memoria-elkarteen lana. Horregatik guztiagatik, Memoriaren Nafarroako Institutuak beste laguntza dei bat egiten du herritarrei, bai hobi posibleak aurkitzeko, bai ihes egindakoen eta errepresaliatuen senitartekoak aurkitzeko, horien lagin genetikoek identifikazio berriak ahalbidetu baititzakete. Pertsona horiei buruzko informazioa izan dezaketenek, hobi edo ehorzketen kokalekuak ezagutu ditzaketenek edo testigantza partekatu nahi dutenek Memoriaren Nafarroako Institutuarekin harremanetan jar daitezke helbide elektronikoaren bidez.

Iturria: navarra.es