Bulego mugikorrak etxebizitzaren arloko informazio espezializatua eskainiko du uda honetan Altsasu, Cabanillas, Corella, Azkoien, Irunberri, Cintruenigo eta Elizondoko herrietan
Nafarroako Gobernuko Herritarren Arretarako Bulego Mugikorrak etxebizitzaren arloko informazio espezializatua hurbilduko du Nafarroako zazpi herritara uda honetan. Horrela, duela gutxi Altasun egon ondoren, Cabanillas (ekainaren 29tik uztailaren 3ra), Corella (uztailaren 6tik 12ra), Azkoien (uztailaren 13tik 17ra), Irunberri (uztailaren 20tik 24ra), Cintruenigo (uztailaren 27tik 31ra) eta Elizondo (uztailaren 3tik 3ra) bisitatuko ditu. Zerbitzu honen helburua herritarrei izapideak egiten edo zalantzak argitzen laguntzea da, modu hurbilean, arinean eta pertsonalizatuan, Foru Administrazioa Nafarroako txoko guztietara hurbilduz eta alferrikako joan-etorriak saihestuz.
Gogoratu behar da joan den otsailetik Bulego Mugikorrak etxebizitzaren arloko informazio espezializatua ematen duela, eta herritarrei honako gai hauei buruzko aholkularitza ematen diela: alokairurako laguntzak, etxebizitza babestuak erosteko dirulaguntzak, birgaitzea, bizigarritasun-zedulak, alokairu-poltsa, etxebizitzari lotutako erregistroak edo bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuen deklarazioa, besteak beste.
Hirugarren lehendakariorde eta Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako sailburu Begoña Alfarok duela gutxi bisitatu du baliabide hori, eta balioa eman dio landa-inguruneari aurrez aurreko arreta ematen dion zerbitzu horri, herri horietako herritarrentzat interesgarriak diren etxebizitzekin lotutako gaietan. Bisita horretan, Altsasuko alkate Javier Ollo eta NASERTICeko Berrikuntza, Komunikazio eta Herritarren Arretarako zuzendari Toya Bernad izan zituen lagun Alfarok.
Etxebizitza-zerbitzu espezifikoez gain, Nasertic enpresa publikoak kudeatzen duen Bulego Mugikorrak aukera ematen du, besteak beste, Foru Administrazioarekin lotutako arazoak konpontzeko, programei eta laguntzei buruzko informazioa lortzeko, dokumentazioa erregistratzeko edo identifikazio digitaleko zerbitzuak eskuratzeko.
Gainera, baliabide hori guztiz irisgarria da, eta honako hauek ditu: mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma, gorrentzako indukzio magnetikoko begizta, braillez seinaleztatzea, audiodeskribapenak eta irakurketa errazeko sistemak, herritar guztientzako arreta inklusiboa bermatuz.
Iturria: navarra.es